XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Scottek ezin ulertuzko zerbait murmurikatu zuen eta manta artean iraulkatu zen.

- Zuk aldegitean egin zuena ikusirik, batere ez harritu hiltzea.

Beste kamainan oraindik zalaparta handiagoa atera zuten mantek.

- Isil zaitez behingoz!- oihu egin zuen Scottek ilunpetan -. Emakume bat baino okerragoa zara!.

- Ongi da - erantzun zuen Mattek; eta laguna adarra jotzen ari ote zen galdetu zion bere buruari Scottek.

Biharamunean Letagin Zuriren ezinegona eta artegatasuna *artegatasuna: ezinegona (nerviosismo) oraindik nabarmenagoak ziren.

Orpoz-orpo jarraitzen zion jabeari, txabolatik irteten zeneko, eta ez zen aldentzen atetik sartzen zenean.

Kutxari bi maleta handi eta kaxa bat gehitu zizkioten orain.

Mantak eta larruzko berokia biltzen ari zen Matt pardeltxo bat osatuz; bitartean Letagin Zurik ezin zuen gorde bere larritasuna hura ikustean.

Geroago bi indiar heldu ziren.

Arretaz begira egon zitzaien haranerako bidetik bi kutxak bizkarrean zeramatzaten bitartean; Mattek gidatzen zituen eta manta eta larru-bilduma eta maleta zeramatzan honek.

Letagin Zurik ez zien jarraitu, jabea txabola-barruan bait zegoen.

Handik aldi batetara itzuli zen Matt.

Jabeak, atera irten eta barrura sarrerazi zuen Letagin Zuri.

- Piztia gaixoa!- esan zuen maitakor, belarriak igurtzi eta bizkarrekoak ematen zizkion bitartean -.

- Bidaia luze bat egin beharra diat eta hik ez daukak atzetik etortzerik.

- Aiuri on bat egidak, azkenekoa, agur esateko.

Baina Letagin Zurik uko egin zion.